15/5/21

Eulalia Abaitua

Bilbon jaiotako emakume argazkilariaren biografia laburra.
(Euskomediak egindako bideoa)
Zer iruditu zaizu Eulaliaren bizitza? (Iruzkinetan idazten ahal duzu nahi izanez gero)


Bilbon jaiotako emakume argazkilariaren biografia laburra.


Eulalia Abaitua argazkilaria (1853-1943) Bilbon jaio zen. Hiru izen jarri zizkioten: Maria Elvira Juliana, baina etxean Eulalia deitzen zioten neskatxari, bera jaio eta handik gutxira hil zen amaren omenez.
Bartzelonan ikasi zuen Eulaliak. Baina bigarren gerrate karlista hasi zenean ihesi joan behar izan zuen Abaitua familiak Liverpool-era. Ingalaterran ezkondu zen Eulalia, 19 urterekin, 1872an, eta han, Liverpool hirian, ezagutu eta sakondu zuen argazkilaritzan. 1878. urte inguruan senar-emazteak Bizkaira itzuli ziren, eta Begoña basilikaren ondoan jarri ziren bizitzen, eginarazi zuten ingeles estiloko txalet batean. Sotoan argazki-laborategia jarri zuen Eulaliak.
Hasieran etxekoei egiten zizkien argazkiak: sendikoei, neskameei, haurtzainei, lorezainei, sukaldariei, umeen irakasleei... Argazkia egin soilik ez, mozorrotzeko ere eskatzen zien, behar bazen, eta argazkirako tokia ere prestatu egiten zuen.
Herri xehea ere islatzen du argazkietan Eulaliak: Erribera azokako sardina-saltzaileak, Ibaizabal bazterreko arropa-garbitzaileak, edo esnezaleak, arrantzaleak… 

Eulalia Abaitua Allende Salazar. Ch.Reutlinger-ek ateratako argazkia.


Jendeaz gain, Bilboko arkitektura ikus daiteke bere argazkietan, edo orduko ohiturak eta festak. Esate baterako, erlijio-festak, zeren Begoña basilikatik gertu bizi zenez, oso eskura zuen festa-giro hura, eta hara hurbiltzen zen handi-jendea erretratatzera.


Baina handi-jende hori Eulaliaren etxera ere joaten zen. Garai hartako burges familia bat zen berea. Ez zuen sekula estutasun ekonomikorik ezagutu, eta horregatik bihurtu zuen Eulaliak argazkilaritza, edo kazetaritza grafikoa, bere afizio. Ona zen bere zaletasunean: bere lana ikertu dutenek esaten dute nahiko argazki onak egiten zituela.
Esan dugu Begoñarekin lotura oso estua izan zuela, baina ezin da esan Begoñatik mugitu ez zenik. Alde batetik, Bilboko erdigunean ere bizi izan zelako, eta bestetik, leku askotan ibili zelako argazkiak egiten: Arratia bailaran, Sestaon, Lekeition, Ondarroan, Donostian, Madrilen, Malagan, Lourdesen, Venezian, Kretan…

Erromes euskaldun baten argazkia. Begoña, 1900. Bilboko Euskal Museoaren artxibategia.

Eulalia Abaitua 1943an hil zen. Hil ondoren bere hainbat argazki geratzen zaizkigu Bilboko Euskal Museoan, argazkien herena, adituen ustez: 2.500 argazki; batzuk plaka estereoskopikoak dira. Plaka hauetan argazkia hiru dimentsiotan ikusten da.   
2.500 argazki horietan emakume asko ageri dira; agian anonimotasunetik atera nahi izan zituen bilbotarrak. Bere izena ere ezezaguna izan zen, zeren argitaratu diren hainbat irudiren argazki-oinetan “ Señora de …” gisara ageri dira, senarraren abizenarekin, alegia.
Baina senarraren abizena ez, baizik eta Eulalia Abaitua izen-abizenak dituzte, besteak beste, Bilboko kale batek, Guadalajarako beste batek eta Madrileko Valdemoro herriko biribilgune edo glorieta batek. 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina