15/6/18

Nafarroako basamortu ederra!!


Errege Bardeak 42.500 hektarea dituen eremua da,  eta bisitatzen den aldi bakoitzean harritzeko moduko sorpresak eskaintzen ditu. 


Errege Bardeetan  forma bitxiak zizelkatu dira zoruko buztinak, igeltsuak eta hareharria higatzearen ondorioz. Sakanek, meseta lauek, kareharriek eta muino bakartiek osatutako ilargikoa ematen duen paisaia sortu da. Margolarien eta idazleen inspirazio iturria eta telebistako iragarkien, musika-bideoen eta filmen eszenatokia; azken horien artean "Airbag", "Acción Mutante", "Orgullo y Pasión" edo "El mundo nunca es suficiente" aipa daitezke. 
Eremu hau ezagutzeko Berriako Ibilkarikoek ibilbidea eskaintzen digute.




Bardea Zurian oasi berdea




Kontrastez beteriko ibilaldia proposatzen du Vedado de Eguarasek, Nafarroako Bardea Zuriaren bihotzean. Oasi berdea da Euskal Herriko basamortutzat jotzen den parajean.
MIKEL ARRIZABALAGA
Higadurak eraldaturiko mendi ikusgarriak behatu ahal izango ditu txangozaleak
 Bardean barrena. / MIKEL ARRIZABALAGA
Bardea Euskal Herriko basamortua dela esan ohi da. Bardea Zuriaren bihotzean dagoen Vedado de Eguarasko oasi berdean, ohiko lekuetatik ihesi, mendizaleak paraje horietako bakardadean murgiltzeko aukera paregabea izango du.

Castil de Tierra

Bardeako monumentu natural ezagunena da Castil de Tierra, eta haren ondoan dagoen aparkalekuan hasiko dugu ibilaldia. Higaduraren eraginez, tximinia itxura duen mendixkaren ondoan Bardeako Artzainaren omenez egindako monumentua ikusiko dugu. Tiro poligonoa inguratzen duen pistan barna egingo ditugu lehen urratsak, eta Cabaña de Agirreren inguruan Cortinas eta Grande sakanak zeharkatu eta lurrezko pistari helduko diogu. Urruti, Peñaflorko gaztelu ezagunaren irudia marrazten da. Lau kilometro bete ostean, ipar aldera zuzentzen den bide nagusia utzi, eta Corral de la Blancaren ondotik Vedado de Eguarasko naturgune babestuan sartuko gara.

Vedado de Eguaras

Bat-batean paisaia erabat aldatuko da, orain arteko erliebe lau eta lehorra atzean utzi, eta aleppo pinu, erromero, abaritz eta ipuruz betetako basoa aurkituko dugu. Kontraste handia. Xenda nabarmenari jarraituz, Peñaflorko gaztelua kokatua dagoen muinoaren ondora helduko gara. Malda pikoa igo, azken zatiak duen zailtasuna gainditzeko motxilak lurrean utzi, eta harriei helduz lortuko dugu dorrearen ondora heltzea. Elezaharrak dioenez, gaztelu hori Nafarroako erregearena izan zen. Erregeak bere alaba Zuria Aragoiko printzearekin ezkontzera behartu nahi izan zuen, hark uko egin zion, eta aitak zigortu egin zuen gazteluaren dorrean giltzapetuz. Gauez, Valtierrako artzain batek gazta eta esnea eramaten zizkion Zuriari. Askatasuna berreskuratzean, gaztelua inguratzen zituen lurrak artzainari oparitu omen zizkion. Horregatik, Zuria Nafarroakoaren gaztelua ere esaten zaio. Kondairak halaxe dio, baina egia bestelakoa da. Gaztelua Nafarroa eta Aragoi arteko muga zaintzeko altxatu zuten 1254. urtean, eta, bide batez, inguru haietan zebiltzan bidelapurren ekintzak zapaltzen zituzten.

Ikuspegi zabalaz gozatu ostean, igotako bidetik behera egingo dugu. Guardaren etxea atzean utzi, eta bide zabal eta nabarmen bati jarraituz, Eguarasko basoetan murgilduko gara. Txitxarrek bizitoki aproposa aurkitu dute parajeotan, eta zarata oso nabarmena ateratzen dute. Bide erdia beteta dugunean, Eguaras inguratzen duen pista utzi, eta eskuinera ateratzen den bideari helduko diogu, naturgunea erditik zeharkatuz. Segidan, Valdeochoako lepora igo gara. Labore lur eta amildegien artean ikusgaitz den xendari jarraituz, pareta bertikalen gainetik Oreinaren igarobidea izeneko lepora iritsiko gara. Behean, oasi berdea; goian, berriz, labore lurrek kolore horiz estaltzen dituzten lur sail neurrigabeak. Berriro ere kontrasteekin topo.

Barranco Grande

Larre eta labore lurrak zeharkatuz, Punta de la Estrozara helduko gara, Bardea Zuriaren talaia bikaina. Planoa eskuetan hartu, eta begi aurrean dakusagun guztia identifikatzen ahaleginduko gara: Rallon, Piskerra, Ralla...; eta behean, Barranco Grandek lurrean irekitako zauri luzea ere erraz antzeman dugu. Mendi ertzari heldu, eta berehala jaitsiko gara sakanera. Barranco Grande mugatzen duten paretak txikiak irudituko zaizkigu; baina, aurrera egin ahala, gaindiezinak. Bost kilometro luze den jaitsieran oso ur gutxi aurkitu dugu, baina merezi du puntatik puntara oinez edota bizikletaz zeharkatzea. Higaduraren eraginez, eskultura natural asko aurkituko ditugu, hango pareta eta lurretan erakusketa bikaina osatzeraino. Tarteka, aurkitu ditugun ur putzu eskasetan lepoa eta besoak busti beharko ditugu, eguzkiak gogor jotzen baitu. Castil de Tierraren txapela pareta gainetik nabarmentzean abiapuntutik gertu gaudela ohartuko gara; sakana utzi, eta hango igarobide erraz batetik kanpora aterako. Metro gutxi batzuk aurrerago, Barranco de Cortinas zeharkatu eta ibilaldia bukatutzat eman dugu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina